| Ez
litzateke lekuz kanpo egongo Bristolen edaten duten uraren
konposizioa aztertzea. Izan ere, beti hodeiez inguratuta
eta euripean bizi den hiri horretan, musika saltsa beharbada
ziragarriena eta atonduena sortu zen laurogeita hamarreko
hamarkadan: Massive Attack, Trick, Portishead, Roni Size...
Eta, horrez gain, baita lerro hauetan aurkeztera goazena
ere: zarataren gaitasun poetikoa, esperimentazioa eta
sampleen bihurrikeriak etxean sortuak landu dituzten musikari
andana.
Flying
Saucer Attack bular emaileen altzoan abstrakzio asmoko
umekiak ernaldu ziren, AMP, Crescent o Light esate baterako,
eta denen artean Matt Elliott gailendu zen nabarmen.
Mutikoak, inoz FSAri lagunzen ziola eta inoiz AMP-ri,
ur sakonetan murgiltzea erabaki zuen eta, bere zigilua
sorturik, "Semptex" editatu zuen, The Third
Eye Foundation izeneko proiektuaren lehen albuma, hasieratik
bukaeraraino beldurra ematen duen diskoa: elektronika,
noise, melodia hautsiak, erritmo zorabiatuak... Orain,
Matt berriro agertu zaigu, "The Mess We Made"
ikaragarria besapean duela: zortzi abesti zoragarri,
erritmo gutxiago (albumari izenburua ematen dio abestian
bakarrik entzungo dugu haren ohiko drum'n'bass ezaguna),
baina bai melodiaren ikusmolde ikusgarri bat, agerkari
erbestetar bezain iradokitzailea bailitzan.
Minimalismoaren
iradokizunak pianoz, musika-aire zapuztua, eta ohi baino
ahots gehiago -hilobiaz haraindikoak beti ere-, elektronika
muturrekoa eta eroria. Lan zaildua, arriskuz betea eta,
inolaz ere, jende mota batek bakarrik gozatzekoa. Iazko
diskorik.
|