Popeko trobalari sustraiduna dela esan ohi dute Ipar Amerikako Estatu Batuetan eta agian ez da definizio txarra mugimendu independente geldiezinaren barruan azken urteotan jalgi den ikusgarri handienetako Josh Rouseren musikaren nondik norakoa ulertzeko.

Nebraskan jaio bazen ere (1972), leku askotan bizitako gizona dugu ( California, Utah, Wyoming, Hegoaldeko Dakota, Georgia, Arizona). Nerabe zenean, talde britainiarrak zituen gehien maite (Smiths, The Cure). Osabak erakutsi zion gitarra jotzen eta 18 urte zituela idatzi zuen bere lehen abestia.

Hasierako albuma (Dressed Up Like Nebraska) Slow Riverrek editatu zuen (Rykodiscen ordezko bat) 1998an. Geroago Chester etorri zen (1999), Kurt Wagner lagun zuela, Lambchopeko liderra zena eta gehien lagundu ziona. Urte bete beranduago Home atera zuen, bakarka egindako bigarren lana. 2002an Under Cold Blue Stars atera zuen eta disko horrekin ederki asko erakutsi zituen bere dohain ikaragarriak. Orain , berriz, 1972 bere azken lana atera duenean, dohain horiek ez zaizkiola ahitu erakutsi du. Giro xarmangarri batez inguratuta, abesti liluragarriz betetako diskoa da. Horregatik, bada, ez da harritzekoa mundu guztiko ehunka aldizkari eta irratik 2003ko onenetakoa dela esan badute eta Love Vibration herrialde askotan single entzunetakoa baldin bada. Lehenengo zatian Morau hernaniarrak "Txukalda" (Gaztelupeko Hotsak) disko berriaren aurkezpena egingo du.

 
  © Gazteria Zerbitzua - Gipuzkoako Foru Aldundia 2004.