| Ez
da harritzekoa izaten indie-rock-aren ikonoak aldi
batez isil-gordean bizi izatea beste talde batzuetan
ezkutaturik, eta fokuen argitara gero irtetea, bakarkako
artista bizitzan. Baina, Chris Brokaw-ri asko gustatzen
bide zaio ilunpea, eta gehitxo kostatu zaio pausu hori
ematea. Chris New Yorken jaio eta hazi zen, eta han
ikasi zuen gitarra eta bateria jotzen 13 urterekin.
Ingeles hizkuntzako gradua hartu eta gero Bostonera
aldatu zen 1986an. Rock munduan egindako lehen urrats
famatua 1990ean CODEINE taldearen sortzaileetako bat
izatea du; hartatik jaioko zen slow-core eta izen handiko
banda izan zen hamarkada hartan. Baina Chrisek, Sub
Pop-en bi bilduma argitaratu eta gero, CODEINE utzi
egin zuen, COME-n buru-belarri aritzeko. Lau disko,
oso txalotuak, atera zituen COMEk Thalia Zedek kantari
eta gitarrista buru zuela, eta 2001ean zarata handirik
gabe desegin zen, Thaliak bere karrerari bakarlari
gisa ekitea erabaki zuenean.
Chris
Brokaw izenarekin egindako lehen diskoa Viva Las
Vegas-ekin batera 2001eko urrian ateratako split
Ep bat izan zen. Handik hamabi hilabetera “Red
Cities” lan instrumentala kaleratu zuen Atavistic
Records/12XU etxean. Disko organiko eta epiko bat
zen, road movie-a gogorarazten duten xehetasun
eta zirrikituak dituena. Chrisek jotzen zituen
tresna guztiak: gitarra, bateria, teklatuak eta
hotsak..., Giant Sand, Savage Republic, Trans Am
eta Lee Ranaldo-ren musika koordenatuetara hurbilduz.
Esperimental eta muga-mugako zen aldi berean, beraz;
garbitasun benetan anakroniko bat ageri zuen.
Azken
lana, 12XU etxearentzat egindako “My confidante
+ 3” EPa, gitarra akustikoaz lagunduta aurkeztuko
du apirilean zehar egitekoa duen bira honetan:
2004ko
apirileko bira akustikoa: 14, Cadiz (La Bomba aularioa)
+ Grupo Salvaje – 15, Granada (Planta Baja) – 16,
Murtzia (La Yesería) – 17, Castello
(Conino Gurillo kafe-antzokia) – 19, Lisboa
(Ze Dos Bois galeria) – 20, Porto (O meu
Mercedes) – 21, Coruña (Playa Club) – 22,
Sevilla (Central antzokia) + The Zephyrs + The
Clientele – 23, Madril (Café de la
Dinamo) – 24, Bartzelona (La Boìte) – 25,
Zarautz (Gazteleku). |