Poetek ez zekizkiten hainbat kontu

Diotenez, poetak dira maitasunaz gehien dakitenak. Baliteke baina seguruenik, amodio platonikoaz ari ziren hori esan zutenak. Akaso, putak dira amoreaz inork baino gehiago dakitenak. Baliteke baina larrutan egiten dute emakume berdadero horiek. Haragizkoa da berarien jakinduria. Platonikoa batzuena, larruzkoa besteena.. nori galdetuko genioke ba,
  atrebentziaz, emakume bati nola mila demonio egiten zaion amodioa? Nola jotzen dugun elkarrekin larrua? Nola egiten dugun ņaka? Atrebentziaz bada, galdetu Bill Plympton jaunari. Berak jakin badaki, zuek atera beharko duzue, ordea, atarramendua. How to Make Love To A Woman (1995) laburrak egia osoa biluzten du gure begien aurrean. Amodioak, plazerra baino, gerra dirudi. Gerra zikiņa non amorante biek galtzen dituzten odola eta gorputz zatiak. Ekintza perilosoa omen amodioa egitea. Bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat ere. Baina arriskuan aurkitzen den pozak parekorik ez duela irakatsiko digu Billek 5 minutu baino irauten ez duen filme sado-maso honetan. 300 segundotan eskola ederra hartuko dugu. Ahazten ez diren horietakoa. Gure eta besteen gorputzaren leize eta heltzeko guztiak arma ikaragarriak direla ohartuko gara derrepentean. Guda zelai horretatik arinka alde, ihes egiteko gura somatuko dugu. Halare, indar misteriotsuak bertan geldiaraziko gaitu. Zinemaren kemenak, bai. Baita gure desiorik ezkutukoenen zirrarak ere. Bertan geratuko gara zor ta lor, harri bihurturik, txikizioaren lekuko, biktima eta eragile. Bai, Sitgeseko Zinemaldiaren sari ederra jaso zuten 5 minutu horietan ikasiko dugu amodioa nola egiten den. Emakume bati. Gizon bati. Hori bai, ezin esan eskarmendu hori sanua denik. Seguruena, gorputz biluzik ikusten dugun urrengoan korrika urrunduko gara. Korrika eta ululuka. Aieneka. Edota algaraka. Akaso, pauso txikiz hurbilduko gara gorputz haietara eskarmendu berdindugabeen bila... Deabruak eta Plymptonek baino inork ez daki eskola horren emaitza...
Eros eta Tanatos

Katalogo guztiek honela egiten dute berba Sex & Violence (1997) laburmetraiaz: "Gizonezkoentzako aldizkarietan agertzeko fuertegiak zirelakoan, Billen hainbat eta hainbat sexu komikiek pantailara egiten dute salto lehergailu bat bezain arriskutsua den lan honetan. 20 segunduko gags horiek guztiek gusto oneko eta umore txarreko muga guztiak
hausten dituzte". Bale ba, esandakoa esanda dago. Gurekin, zuekin, Bill Plymptonen errabia eta amorru guzti guztia. Errabia fina eta amorrazio dotorea. Odolaz eta giza isurkiez zipriztindutako apokalipsis txikia. Aquaparke batean kokatzen da lehendabiziko burla. Galdu dugun giltza aurkitzeko irtenbide basa baina huts egiten ez duena eskaintzen digu urrengoan. Debalde, gainera. Patinajea kirol hilgarria suerta daitekela erakutsiko digu beranduago. Ispiluaren erotismoaren berri emango digu bestean... Gehiagorik nahi? Bada, jakina. Sexu gehiago. Indarkeri gehiago... Zer gertatuko leike ezkontza eder batean urteek ezkondu berriei ekarriko dizkieten aje guztiak plazara, aldarera, aterako bailiren? Zer animali dendan triste dagoen kumetxo hori hiltzaile harraparia balitz?... Bill Plymptonek giza arimaren beldur, mixeri eta txoko guztiak ezagutzen ditu eder asko. Gure kontura, bizitzaren kontura, herioaren kontura, planeta eta galaxia guztien kontura, bere buruaren kontura egiten du barre sadikoa, algara masokista bere lapitzak gorputzak eta izarrak txikitzen dituelarik. Barkaziorik ez du eskatzen. Salbaziorik ez du eskeintzen. Bai berak eta bai bere kamerak badute gure mentura eta kalentura guztien notizia. Begi aurrean jartzen dizkigute gure debilidade eta amets bero-eroak. Ondorioz, bapatean, boteprontoan, "egizu dardar barre egin ondoren" esaldiaren esanahia ulertzen dugu. Irria izozten zaigu ziztu bizian Billen begirada gure gainean somatzean. Sex & Violence, gizonezkoentzako aldizkariek onartu ez zuten txiste mila puntakoak, sadikoentzako plazer handia izango direnak, "freak" sentitzen garen guztiontzako zirrara kasik elektrikoa, gurasoei sekula santan oparituko ez diegun bideo zinta eta edozein epaitegitan gure sadismoaren froga ukaezintzat joko zen pelikula deabruzkoa. Herioa eta sexua dantzan. Egizue txalo.

B.T.
4/9