Zergatik ari gara Wiliam Lustig-i buruz hitzegiten? Kultoko zuzendaritzat har al daiteke gure herrian? Eta hala bada, zergatik? Lustigen kasua Ozeano Atlantikoaren alde honetan gutxienez bitxia dela esan daiteke. Ia guztiek ere ildo berari jarraitzen dioten bideoklubeko hiru edo lau filemeri esker besterik ezaguna ez den eta inolako aparteko irudi edo osperik ez duen zuzendari hau Estatuan argitaratutako fantzinen, antologien eta beste hainbat generoarekiko kulto-adierazpenen erreferentzia nagusienetakoa da.






Honen arrazoia gure herriaren zati handi batean hedatuta dagoen irizpiderik ezak edo ikuspegi estuak edo baliabideen eskasiak eragindako osmosi-kasu bati sor zaiola dirudi. Baina egian esan, atzera begiratu eta Lustigen filmeak gogoratzen ditugunean, ezinbestekoa da nolabaiteko nostalgia kutuna eta izenburu horiek erabat eta patxadaz berriz aztertzea eskatzen duen barne-gogoa ez sentitzea. Zer dute bada William Lustigek eta bere lau bideo-zinta horiek gure barrenei horrela eragiteko? Laurogekiko hamarkadaren erdialdea zen bideoklubak auzoko bazter guztietan jarri zituztenean eta generoaren zaletu ziren adoleszente-legioak gauzatzen hasi eta nagusiei azkenean beldurrezko eta fantasiazko zinemaren lehen booma eragiteko behar adinako materiala eskueran izateko aukera eman zitzaienean, urtean pare bat aldiz izaten ziren zinemaldien mugak gaindituz. Bukatu ziren zinemaldi eta zinemaldiren arteko edo estreinaldi eta estreinaldiren arteko lehorte amaigabeak, izan ere bideokluba nazioarteko izuikarei zegokionez nahikoa ongi hornituta baizegoen: generoko Italiako filme likitsen eta Espainiako zahiz betetako filmeen berreskuratzea eta B sail yankeen erabateko estreinaldia, garaiko alorrik aberatsena eta ezezagunena, alegia. Zinta berri horien artean, Charles Band eta bere taldearen etengabeko estreinaldiekin batera azaldu zen hain zuzen ere William Lustig, lehenik Maniac filmearekin eta ondoren Maniac Cop sailarekin. Hemen hasi zen sortzen adierazitako fenomeno bitxi hori.
 
Maniako hiltzaileak behe auzoetan

Bronx auzoan jaio bazara eta zure bizitza osoa metropolien artean metropolia den New Yorkeko mugen barruan ematen baduzu, zaila da oso halakorik disimulatzea. Lustig hori disimulatzen ez duenetakoa da, behe auzoetakoak, ketsuak, gauekoak eta bereziki biolentoak diren paisaiarik besterik ezagutzen ez dituenetakoa. Hiri inguruko Woody Allen bat bailitzan, William Lustigek bere istorio guztiak New Yorkeko behe auzoetan kokatzen ditu, bere pertsonaiak, txokoak eta kronika beltza akzioz eta beldurrez jositako B saileko maisu-piezetan birziklatuz. Maniac (1980) izan zen bere lehen filme "komertziala" eta zalantzarik gabe bere karrerako eztabaidatsu eta esanguratsuena. Istorio nahikoa konbentzional batean oinarrituz, onirismo argentinarraren zenbait ukituekin, Lustigek obsesio bitxia duen ƒneska gazte kaskarinen buru-azala ateratzea, hain zuzen ereƒ psikopata traumatizatu eta fetitxista baten istorio depresiboa eta beldurgarria filmatu zuen.

Porno aktoresek, antiheroiarena egiten lan ahaztezina betetzen duen Joe Spinellek eta Tom Savini-ren FX grafiko batzuk, 16 mm.en faktura zarakartsuaz gain, Maniac filmea esperientzia deseroso, lizun eta oso agresiboa bilakatzen dute, underground amerikar onenaren tradizioari jarraituz; ia berehala sartu zuten kultoko zinemaren katalogoan. Sua gehiago astintzeko, filmeak jazarpena jasan behar izan zuen Ingalaterran video-nasties delakoen aurkako sarekada historikoan; hura guztia promozio-kanpaina erabakiorra izan zen gaur egun Maniac filmearekin batera cult-movie mailaren barruan dauden zenbait izenbururentzat.

  Gaur egun ere 70eko hamarkadako gore gogorrenetakotzat har dezakegu, generoko filmerik doilorrenak egin ziren garaikoa, alegia. Maniac Cop filmearekin, hau ere beste hiriko maniakoa, Lustigek milaka fan bildu zituen eta hauek tronu txikia eman zioten beldurrezko B sailean, 80eko hamarkadan ugaritu ziren pertsonaia haietako bat sortuz, ondorengo ataletan onenak emateko bereziki egindakoak, garai hartan modan zegoen ereduari jarraituz. Psikopata profesioanalen (arotzak, harakinak, medikuak, Santa Clausak…) ildoari jarraiki, oraingoan munstroa poliziaz jantzita azaltzen da, eta horrek nolabait ere gatz gehiago ematen zion gaiari, nahiz eta ez zitzaion probetxu handiegirik atera eta sail-mota hauetan ohikoak diren okerkeriak errepikatu ziren. Sailak zuen alderdirik onena Larry Cohen-en gidoiak ziren, eta bi ondorengo atal gehiago izan zituen, bai eta amaitu gabeko hirugarren bat ere. Jarraitzaileek bi lehenengoak "ofizialak" gisa onartzen dituzte, eta bigarrena lehenengoa baino hobea dela ere esan ohi da. Egia esan, gutxi gorabehera berdinak dira, kontsumo masiboko izuikara txikiak zenbait umore beltzeko eta akziozko zinemako tantaz bustita, beren zeregina ezin hobeto betetzen dutenak. Hirugarrenak ere Lustig eta Cohen-en lankidetza izan zuen, baina produkzio-etxeak -kable bidezko HBO TB kateak- muturra sartu eta hanka egin arazi zien, proiektua haizeak nondik jotzen zuen ere ez zekien baten esku utziz.

Maniakoen aurretik eta ondoren

Zalantzarik gabe, askoz ere interesgarriagoa da arrakasta hauen aurreko karrera ondoko bilakera nahasi eta eskasa baino. Lustig zinemaren munduan sartzeko atea "berdeaz" baliatu zen, hirurogeitamarreko hamarkadako hainbat filme pornotan laguntzaile-lanak eginez, klandestinitateko hamarkaden ondoren kalera irteten ziren lehenengoak, hain zuzen ere. 1997an bere lehen filmea egin zuen Jamie Gillis eta Sharon Mitchell protagonista zituen The Violation Of Claudia izenburuko filme pornoa, eta bertan bere ondorengo lanetan azalduko zaizkigun hiriko biolentzia eta egunerokotasun garratza erabiltzen ditu jadanik. Hot Honey izan zen bere bigarren eta azken filme pornoa, berriz ere Gillis protagonista zuela eta oraingoan ere izengoitia erabiliz, Billy Bag. Maniac eta Maniac Cop filmeen ondoren, bai eta bien artean ere, Lustigek antza bere gidoiak birziklatzen ditu eta osagai bereko ƒauzoko mendekuak, liskarrak eta kriminalakƒ saltsak prestatzen ditu, Vigilante (1983) edo Relentless (1989) filmeak bezalako txikikeriak lekuko. Ez zituen inoiz errepikatu Maniac filmeko agonia existentziala eta Maniac Cop filmeak sarrera-salmentari dagokionez izandako arrakasta izugarria, baina horrek ez zuen eraginik izan bere estatusean, apurka-apurka ahaztu egin bazuten ere. Azken finean, Lustigek ez zion inoiz ezer berririk ekarri generoari, eta eskema klasikoak eraldatzen ere ez zen saiatu, baina une egokian aurkitu zuen bere burua saltsaren erdi-erdian eta ez zuen aukera alferrik pasatzen utzi. Bere filmografia Corman edo Cohen beraren duineko autokonstzientzia eta funtzionaltasunezko eredu bitxia da, eta B saileko zinema gainbehera datorrela dirudien une hauetan, beharrezkoa gertatzen da Willian Lustig, Larry Cohen eta Charles Band berreskuratzea.

Alex Zinéfilo
6/9