| |
Garariek eta gizaseme-alaben
apetak urratu dituzte apika apika beste monstruen erresuma ezberdinak. Gizon
otsorik kasik ez da mundu honen ispilu gardena den zineman. Azkena, Jack
Nicholson, hots, Michelle Pfeifferekin maitemindu zen arras. Bihak desagertu
ziren gau batez. Agian Galiziako oihan sorgindu batean izango dira goxo
goxo. Deabruak eta Santa Compaņak dakite... Frankenstein eta bere sorkaria
ez ziren garaiz eta eroso garai berrietara egokitu. Kenneth Branaghek ere
fabore eskasa egin zien biei bere filman. Momia... zer esango dugu momia
maitiaz? Betirako dago lo ederrean Egipton Londoneko British Museumen bezala....
Dinosaurioak bai, dinosaurioek hor diraute baina ez dira deusik aldatu.
Spielbergek munduaren haurtzaroan ziren bezalaxe berpiztu zituen... Ez,
banpiroak dira gainbizi bakarrak. Berariek ederki asko jakin dute garai
berrietara, modu modernoetara egokitzen. Gizakiok zomorroak bagina bezala
aztertu gaituzte. Badute gure azken beldurren berri zehatza. Badira gure
gaurko nahirik ezkutuenen jakitun. Badira gure egungo askatasunen kasik
jeloskor eta gure biharko pasioen zelatari. Gure pausuen abiaduran pausatu
dira mendeetan zehar. Gure biktimak izan dira zerua inpernua baino poteretsuagoa
zela uste genuen denbora inozo horietan. |
| |
Gurekin batera
ikasi dute gurutzeak eta baratzuriek hor nonbait, hor noizbait galdu zutela
indarra.... Banpiroek badakite, guk dakigun bezala, sua baino ez dela existitzen...
Banpiroak, itxuraldaketaren sorgin eta azti nagusiak. Non islatuko zen hobekien
mozorrotzeko duten abilidadea zineman baino? Ez al da ba zinema antzaldaketa
guztien maisua? Ez al da kamera banpiro ororen metafora? Pantailan ditugu
ba, liburuetan ere, ezin ahaztu, banpiro berri, garaiezin, ironiko eta eder
horiek. Mundu ezagun eta ezezagun guztietako bost kantoietatik datozkigu
libre eta balent. Eguzkitan egiten dute dantza (eguzkitarako betaurrekoen
asmakizuna primeran etorri zitzaien) eta gauez, beren miresleek sorturiko
kluba diseinuzkoetan edaten dute odol nahasia. Razor blade´ smile eta Revenant
filmetan ikusi dugun lez, handiagoak, sakonagoak dira haien leinukoekin
dituzten arazo, tira-bira, gatazka eta liskarrak gizakiokin dituztenak baino.Guk
haien elikadura izaten jarraitzen dugu inoiz berarien amodioa lortzeko espero
desesperatuan gaudela. Berariek, ordea, banpiro nagusien kontrako lehian
dabiltza milurteko berriak, beharbada, errege-erregin banpiro ezberdinak
exijitzen baititu... Banpiroak, gauaren izaki eder horiek, rock izarrak
dira egun, larruzko jaka dotoreak jazten dituzte, Ray-Ban betaurrekoen modelo
cool, very cool dira eta Drakula zaharra Van Helsing atzerakoia bezainbeste
mesprezatzen dute orguilos. |