Laikaren nota bakoitzak ustekabean harrapatuko zaitu. Ez dira rock talde bat, baina gitarra dute lagun. Ez dira ohiko talde "elektroniko" horietako bat, baina sampleak inor gutxik bezala erabiltzen dituzte. Margaret Fiedler-ek Moonshake banda utzi eta Laika sortu zuen, eginbide horretan lagun zituela banda bereko John Frenett baxu-jole ohia eta Guy Fixsen produktore eta soinu injinerua, hastapenetan Moonshake bandarekin eta The Breeders, Throwing Muses eta My Bloody Valentin taldeekin ibilitakoa. Garai horretan ere elkartu zitzaien Lou Ciccotelli bateria-jole maisua, God-ekoa izandakoa eta Eardrum perkusio taldeko buru dena.

Hasierako "Antenna EP" bildumaren segidan "Silver Apples of the Monn" atera zuten (1994), kritikaren aldetik erabateko oniritzia jasoz. The Wire aldizkariak "jeinu handi baten lana da" esaldiarekin agurtu zuen bilduma, eta Mojo aldizkariak, berriz, zera esan zuen: "berraurkitutako kate-maila da, Can-eko aurre funka eta Londreseko irrati piraten jungle giroa elkartu dituena. Bilduma aurkezteko bira bat egin zuten Estatu Batuetan Tricky-rekin, agerraldi bat Lollapalooza-n 1995ean, eta zenbait ekitaldi Stereolab, MC 900ft Jesus eta Dinosaur Jr artista handiekin.

Bigarren bilduman (Sounds of the Satelllites, 1997) melodiak garrantzia gehiago du aurrekoan baino, baina oraingo honetan ere iraunkorra da erritmoaren tentsioa. Komunikabidek berriro ere asko goraipatu zuten Laika taldea, eta Thom York-ek eskatu zien Radiohead-i hots egiteko Erresuma Batuko biran.

"Goodf Looking Blues" da hirugarren bilduma. Taldearen ezaugarri guztiak biltzen ditu: groove erritmiko bortitzak, baxu melodikoak, letra rapeatuak blue oihartzunekin batera, folk melodiak, jazz/hip hop instrumentazioa, klarinetea, tronpeta, dj platerak. Diskoa egiten lagun eta kolaboratzaile asko izan dituzte, esaterako, Rob Ellis (PJ Harvey), Matt Barge (Spleen), Dj Danny Doyle eta Louisee Elliot flauta jolea. Diskoa aurtengo otsailaren 28an jarriko dute salmentan eta lehen singlea "Uneasy" izenekoa izango da (aurtengo otsailak 7).

Laikako partaideak:
Margaret Fiedler: ahotsa, sample-ak eta gitarra.
Guy Fixsen: rhodeak, gitarra, sampleak eta minimoog.
John Frrenett: baxua.
Lou Ciccotelli: bateria eta perkusioa.

Sarrera: 800 pezeta (4,8 Euro).

www.ourworld.compuserve.com/homepages/laika
.