Virginiako Richmond-en sortu zen1992an. “Oraingo garai hauetan denok ilargira bidaiatzen ibiliko ginela uste zuten mutil horietako bat nintzen” Mark Nelson.

Hasiera batean Carte Brown (sintetizadoreen arduraduna) eta Marck Nelson (gitarra, zinta eta ahotsen arduraduna) bikoteak osatu zuen Labradford taldea. Everlast izeneko lehen singlearekin urrats sendoa egin zuten Estatu Batuetako rock ondorengo giro jaio berrian, 90eko hamarkadaren erdialdean, eta barne-barnetik bizi izan dute krautrock giroa, Stereolab, Main eta antzeko taldeek bezala.

Prazision izeneko lehen albuma (1993), Eggs eta Grenadine-ko Rob Christiansen-ek ekoiztua, moog, gitarra eta loop ugariz (bateriarik gabe) osatutako haize erauntsia zen, non atzeman baitaiteke Carter Brown-ek zien lilura nola Arvo Pärt egile klasikoari hala Spacemen 3 bandaren alderdi errepikakorrenari. Inprobisazioak baino gehiago konposizioak ziren landutako gaiak, eta zuzenean grabatu zituzten, gaur arte beti egin duten bezala.

Diskoko giroak etengabe gonbite egiten du espazioan zehar hegan egitera Peel Sessions ospetsuak grabatzeko eta Ingalaterran Stereolab eta Spectrum bandekin jotzeko aukera eman zien diskoak. Garai horretan nabaritu zuten droneak baxuaren nota-lerro narkotizatuez inguratzeko beharra eta horregatik sartu zuten Robert Donne taldean.

A Stable Reference talde berriarekin egindako lehen grabazioak (1995) kritika ezin hobeak jaso zituen, batez ere Ingalaterran, non urteko disko onenen zerrenda sartu baitzen. Sorkuntza iturria bertan behera utzitako programa espazialak zirelarik, diskoari hats luzeko sentipen espazialak darizkio, halako espazio makaldu bat Flyng Saucer Attack taldearengandik gertu.

1996an 10” bat editatu zuten Stereolab-en Suophonic zigiluarekin; ordukoak dira bateria lagun dutela grabatutako lehen abestiak. Hala, Europan zehar egindako bira arrakastatsuaren ondotik zaletuak haien musikaren gose geratu zirelarik, taldea Blast First eskuderiarekin elkartu zen.

Esperimentazio lanak jarraipena izan du bandaren Mi Media Naranja (1997) eta E Luxo So (1999) bi azken lanetan.

PAN AMERICAN Mark Nelson bera da, Labradford bandako gitarrista eta ahotsa. Haren bakarkako proiektua da, groove joera nabarmenenak lantzeko aukera ematen diona. Bere lanetan nabariak dira sampleen erabilera erritmikoa eta pianoaren oihartzun sotil baina erakargarria, ekuatore giroko erotismo eta exotismoaren lilura sortuz. Kranky zigiluak editatuta, bere lehen albuma (1998) lan oso lo-fia izan zen eta The Wire eta The Sunday Times aldizkariek harrera oso ona egin zioten.

Mark Nelson berehala gonbidatu zuten Fac Cat zigilu ospetsuaren split serietarako lan bat egitera, eta BJ Cole gonbidatua zela 1999an London Festival of Drifting deitu jaialdiaren bigarrenean eman zuen kontzertuaren zati bat The Wire aldizkariak argitaratu zion bilduma lan batean.

Azken diskoan asko zabaldu zuen bere kolore lagina, ustekabean tolesdura eta ehundura berriak erantsiz. Hala, ekarpen distiratsuena Rob Mazurek-en cool tronpetarena da, John Hassell-ek 70eko hamarkadan egindako soinu esperimentuak gogora ekarriko dizkigularik.

Mark Nelsonek badu asmorik bere lanarekin jarraitzeko eta 2000. urte osorako kontratu bat sinatu du Blas First-ekin. Beste aldetik, parte hartuko du aurtengo Sonar jaialdian, galdu gabe, dena den, haren ustetan inoiz izan den heroi handienarekin, dub joerako maisu Mad Professor jaunarekin, lan egiteko itxaropena.

SARRERAK:
Telekutxa ( 943 411 200 )
Donostiako kultur etxeak,
Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra.